Sagardoaren lurraldea

Urte biribila Zapiain sagardotegiarentzat

Descripción

Zapiaingo sagardo naturalak Euskal Herrian antolatzen diren txapelketa nagusiak irabazi ditu amaitu berri den urte honetan. Ekainean, Gipuzkoako Fo...

manzana local euskal sagardoa concurso marca sidra sidrería premiado sidrería zapiain

Ficha

  • Autor: J.S.
  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2024-01-12
  • Clasificación: 2.0. Sidrería
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016624

Texto completo

Zapiaingo sagardo naturalak Euskal Herrian antolatzen diren txapelketa nagusiak irabazi ditu amaitu berri den urte honetan. Ekainean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen lehiaketa irabazi zuen. Euskal sagardozaleen artean oihartzun handiena duen txapelketa da eta bertako epai-mahaia Fraisoro laborategiko adituek osatzen dute.

Herrialdeko hogei sagardogile lehiatu ziren XXII. edizio horretan, eta Zapiaingo 2022ko uztako Premium Euskal Sagardoak urrezko domina eta txapela lortu zituen bi dastatze-fase egin ostean. Ion Zapiain sagardotegiko zuzendaritza taldeko kideak honakoa azaldu du: «Orain dela lau urte hasi ginen lehiaketa horretan aurkezten; lau edizioetan urrezko domina lortu dugu eta horietako bitan, txapela». Lehiaketa horretan bertan, aipamen berezia jaso zuen Joanes de Zapiain sagardoak, sagasti bakarreko sagarrekin egindakoak.

Euskal Herrian jokatzen den beste txapelketa garrantzitsuena abenduan Sagardo Forumean egiten dena da. Bertan, nazioarteko adituez osatutako epaimahaiak Zapiaingo sagardoa aukeratu zuen txapeldun gisa. Ion Zapiainek nabarmendu duenez, «txapelketa honen aberastasun handienetakoa da epai-mahaia mundu osoko adituekin osatua dagoela, baita sagardo mundutik kanpokoekin ere, eta beraien iritzia jasotzea oso garrantzitsua da guretzat». Bai Forumeko lehiaketan bai Aldundikoan Zapiainek sagardo bera aurkeztu zuen, 2022ko uztako Premium Euskal Sagardoa, baina kupel desberdinetakoa.

Gure mugetatik kanpo, Zapiaingo sagardoek hainbat sari jaso dituzte Europa mailan egindako lehiaketetan, hala nola Alemanian, Norvegian eta Letonian. Garrantzitsuena, apirilean Frankfurten egindako Cider World lehiaketa izan zen, eta bertan urrezko domina jaso zuten. Zapiaingo arduradunek azaldu dutenez, «Frankfurten irabazten duenak hemen ere puntuazio ona lortzen du; beraz, horrek zerbait esan nahi du».

Arrakasta horien sekretua zein den galdetuta, urteetan pilatutako esperientzia eta ikasten jarraitzeko gogoa aipatu ditu Ion Zapiainek. «Urte asko dira sagar barietate bakoitzaren ikerketa egiten, eta bakoitzarengandik onena ateratzen saiatzen gara». Horrekin batera, lan egiteko moduan ere bi gako nagusi nabarmendu ditu: kalitate goreneko sagarra erabiltzea eta upategiaren garbitasuna zaintzea. «Kontserbanterik gabe egiten dugu lan; beraz, sagarraren heldutasuna eta osasuna, eta upategiko garbitasuna ezinbesteko baldintzak dira usain oneko sagardo borobil eta egonkorrak izateko».

AURTENGO EKOIZPENA
Zapiain sagardotegiko arduradunek badute pozik egoteko beste arrazoi bat. Joan den udazkeneko uzta korapilatsua izan bazen ere, azkenean gustura geratu dira aurten egindako ekoizpenarekin. Ion Zapiainek azaldu duenez, «azken urteetan gertatzen ari den bezala, uzta aurreratu egin zen, sagarra erortzen hasi zen eta bilketa ere azkarrago egin behar izan genuen. Aste ero batzuk izan genituen, baina azkenean, ondo erreakzionatu genuen eta uzta salbatzea lortu genuen».

Aurtengo denboraldian, bestalde, lehenbiziko sagardo aparduna merkaturatuko du Zapiain sagardotegiak. Botilan bertan bigarren irakinaldia egiten duen sagardoa da eta 2020an jasotako sagarrarekin egindakoa da, batez ere errezil sagarrarekin.

Zapiain sagardotegiak urtarrilaren 24an irekiko ditu ateak eta apirilaren 30a arte egongo da zabalik aurtengo sagardo berria dastatzera emateko. Sagardotegi honetan ohikoa den moduan, astelehenetik larunbatera afariak emango dituzte, baina aurten ez dute larunbat eguerdietan irekiko. Ion Zapiainen hitzetan, «azkenaldian larunbat eguerdietan galtzen ari zen txotx denboraldiaren esentzia eta, erabaki zaila izan bada ere, ez irekitzea erabaki dugu».