Sagardoaren lurraldea

"XVI. mendeko euskal gizartea ezagutzeko aukera paregabea da Igartubeiti"

Descripción

Berria - Euskal Herriko euskarazko egunkaria

historia caserio museo igartubeiti cultura museo patrimonio sidra

Ficha

  • Autor: Urko Iridoy Aranburu
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2024-01-16
  • Clasificación: 6.5. Museos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016597

Texto completo

istorikoki euskaldunen bizileku izanda, euskal identitatearen ikur bilakatu dira baserriak. XVI. mendean sortutakoa izan arren, 2024. urteko denborak miatzen ditu Igartubeiti baserriak. Kizkitza Ugarteburuk (Urretxu, Gipuzkoa, 1971) koordinatzen du baserria, eta, beraz, bertako istorioak ederki dakizki. Aro berrietara moldatutako baserria da Ezkiokoa (Gipuzkoa), eta, era berean, XVI. mendeko euskal gizartearen erakusleihoa.

Museoa, interpretazio zentroa, baserria... zer da Igartubeiti?
Bi zatitan banatua dugu Igartubeiti. Alde batetik, baserria dago, 2001ean ireki zutena, eta, beste alde batetik, interpretazio zentroa, 2007koa. Baserria museo bat da; bertako eduki eta objektuek istorio asko dituzte atzean. Interpretazio zentroan, berriz, historia ikus-entzunezkoen bidez kontatzen da. Bi zati horiez gain, baserriaren inguruak ere oso garrantzitsuak dira guretzat; hor ikus daiteke, adibidez, gure baratzea.

Zer ikas dezake bisitariak Igartubeitin?
Duela bost mendeko baserria da gurea, eta mende haietan familia baten bizileku izan zen. XVI. mendeko euskal gizartea ezagutzeko aukera paregabea da Igartubeiti. Baserriek azken mendeetan izan duten bilakaerari buruz ere ikasiko du bisitariak.

Iaz %27 igo zen bisitari kopurua.
Hala da. 2023. urteko hasiera oso ona izan zen guretzat. Europatik Next Generation proiektuarekin finantzabide berri bat lortu genuen, eta horrek hainbat egitasmo berri egiteko aukera eman zigun. Baserritik kanpo ere jarduera batzuk egin genituen.

Atzerritarrak Igartubeitira biltzen dira?
Bai. Aurreko urtean kanpoko bisitarien kopurua bikoiztu egin genuen. Turismoak gora egin du azken boladan, eta horrek gurera ere jende gehiago ekarri du. Euskal Herriko pare bat enpresarekin hitzarmenak ditugu, eta haiek antolatzen dituzten txangoen barruan Igartubeitirako bisita sartzen dute.

Eta zer esaten dute baserria ikusi ondoren?
Harrigarria iruditzen zaie. Normalean, hona etortzen den turistak badaki zer den hau, bisitatzen duten lekuaren historia eta nortasuna interesatzen zaizkien pertsonak izaten direlako.

Aurten Patrim 4.0 proiektuaren laguntza izango duzue.
Aurreragotik ere Patrim proiektuak izan ditugu Igartubeitin. Laguntza ematen digute, eta gauza berriak egiteko ahalmena ere bai.

Zer gauza berri?
Bada, aurten hainbat proiektu jarri nahi ditugu martxan. Horien artean, adibidez, egonaldi artistikoak, inguruko artisauek emango dituzten tailerrak... Kultura eta ondarea ditu oinarri Patrimek, eta beste hainbat adar ere irekitzen dizkigu: jasangarritasuna lantzea, digitalizazioa handitzea... Unibertsitate batzuk ere honen parte dira, eta haiek antolatzen dituzte gehienbat egitasmoak.

Baserri zaharra eta garai berriak; nola uztartzen da hori?
Aurreko Patrimekin, adibidez, Irati Goikoetxea idazleak eginiko kontakizun batzuk QR kodeen bidez txertatu genituen baserrian. Bisita librea egiten dutenentzat aukera ederra da hori. Sare sozialekin ere garai hartako kontuak eta gaur egungoak batzen saiatzen gara. Gazteengana hurbiltzeko tresna ona da hori, zailagoa izaten da-eta gazteak gurera etortzea.

Sagarrek ere garrantzia hartu dute zuen baserrian.
Bai, erabatekoa. Sagar Txotx jarduerak jende asko erakartzen du gurera. Guk sagar zukua egiten dugu hemen, bertako dolarea erabiliz, baina, Sagar Txotxekin, gure prozesuak ikusteaz gain, bisitariak ondoren sagardotegi batera joaten dira bertako menua dastatzera.

Dolareak zenbateko garrantzia du Igartubeitin?
Baserriaren bihotza da dolarea. Hemen bizi izan ziren familiek leku oso gutxi zuten bizitzeko, baina, era berean, beti eduki izan zuten dolarea, leku asko okupatu arren. Soilik urtean behin erabiltzen zuten, sagardoa egiteko, baina haientzat oso garrantzitsua zen. Ez dago oso argi ondoren sagardoa edan egiten zuten edo marinelei saltzen zieten, baina badakigu baserri askok zutela dolarea barnean.