Sagardoaren lurraldea

"Lata formatu egokia da, izan ere, AEBtan sagardoa pinta baten edalontzian edaten da"

Descripción

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, bostgarren Sagardo Foruma ospatu zen Astigarragan zein Donostian, azaroaren 30tik abenduaren 2ra. Bertan, mundu osoko 2.000 aditu nahiz sagardozaleak bildu ziren beraien ezagutzak zein esperientziak partekatu, eta sagardoaren kulturaz gozatzeko. Horietako bat Paul Vander izan zen, Michiganeko sagardogilea eta Vander Mill sagardotegiko zuzendaria.

astigarraga estados unidos formación jornada - lata marca mercado sagardo forum sidra

Ficha

  • Autor: N.G.
  • Fuente: Noticias de Gipuzkoa
  • Fecha: 2024-01-19
  • Clasificación: 5.7. Formación
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016545

Texto completo

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, bostgarren Sagardo Foruma ospatu zen Astigarragan zein Donostian, azaroaren 30tik abenduaren 2ra. Bertan, mundu osoko 2.000 aditu nahiz sagardozaleak bildu ziren beraien ezagutzak zein esperientziak partekatu, eta sagardoaren kulturaz gozatzeko. Horietako bat Paul Vander izan zen, Michiganeko sagardogilea eta Vander Mill sagardotegiko zuzendaria.

Sagardoa edari tradizionala al da Amerikako Estatu Batuetan?

Kolonizazio garaitik datorren tradizio luzea da sagardoa kontsumitzea. Sagastiek jatekoa emateaz gain, sagardoa egiteko aukera ere eman zieten. Edari alkoholdunen debekuaren ondoren, garagardoa hedatu zen, bere ekoizpena haziz, eta sagardoa atzean gelditu zen. Azken 15 urteotan, berriz, suspertu egin da, garrantzia hartzen joan da eta hazkuntza handia izaten ari da.

2006an zabaldu zenuen Vander Mill. Zein bilakaera izan du AEBetako sagardo industriak urteotan?

Gu hasi ginenean gutxi zeuden Michiganen, baina orain askoz gehiago daude. Gainera, elkarlanean ari gara, herrialde osoan sagardoa sustatzeko ekimenak abiarazteko. Zalantzarik gabe, sagardoaren merkatua hazten ari da.

Latan saltzen lehenetakoa izan zinen. Zergatik egin zenuen hautu hori?

Hasiera batean, aukeratu egin behar izan genuen latak edo botilak bete-tzeko makineria erosi. 2011n, oraindik latan saltzea egokia ote zen eztabaidan zegoen, baina berritzailea eta eroslearentzat berezia izan zitekeela pentsatuta, horren aldeko apustua egin genuen. Erabaki ona izan zen: lagundu egin digu hazten eta gure produktua kontsumitzaileei irisarazten. Normalean, AEBtan sagardoa garagardoaren antzera edaten da, pinta baten edalontzian. Badira kristalezko botilako sagardoak, eta horiek kontsumitzeko modua ardoaren an-tzekoa da. Ekoizleak erabakitzen du zein estilo eta edateko modu nahiago duen.

Zeintzuk dira lataren abantailak eta desabantailak?

Alde du arina eta eramangarria, %100 birziklagarria eta erosoa izatea. Erosotasuna da nire ustez abantaila nagusia. Kontra, berriz, nahiko teknikoa izan daitekeela eta ez dela kristala bezain segurua, beraz, kontuz ibili behar da. Beste arazo bat erosi beharreko kopura da; oso handia da, eta ekoizle txikientzat garestiegia izan daiteke.

Hemen, txotx sasoia eta sagardotegiak ditugu; han, halakorik ez duzue. Oro har, non edaten da sagardoa?

Ez ditugu, ez; baina gustatuko litzaidake! Txotxarena tradizio zoragarria iruditzen zait eta oso bizipen polita izan dut sagardotegian. Halakorik ez dugunez, munduko beste leku batzuetan egiten dutena ikusi eta ospatzen dugu. Hemengo sagardotegien moduko lekurik ez badugu ere, jan eta edan daitekeen lokalak baditugu. Sagardogile askok jatetxe edo taproom bat dute eta leku aproposa da sagardoari buruz mintzatzeko. Edonola, sagardoa tabernetan edo jatetxeetan edaten da nagusiki, eta dendetan ere salgai dago.

Zer nolako harremana dago euskal sagardogileen eta estatubatuarren artean?

Duela bost bat urte sagardoaren kulturan sakondu eta sagardoa ekoizteko modua ikasteko Euskal Herrira eta Asturiasera bidaia egin zuen sagardogile estatubatuarren delegazio batean parte hartzeko zortea izan nuen. Lagunak egin nituen sagardogileen artean eta aukera izan dut bisita gehiago egin eta ekoizpen moduekin esperimentatzeko. Azken hamar urteotan sagardogintzari buruzko komunitatea ba-tzen ari da, ez AEBtan eta Euskal Herrian bakarrik, baizik eta mundu osoan, eta oso pozik nago horren parte izateagatik. Jende atsegin eta maitagarriak osatutako talde txikia da sagardogintzaren sektorea.

Zer ikas dezakezue elkarrengandik euskal eta estatubatuar ekoizleek?

Produktua ekoizteko modua oso bestelakoa da eta beste batzuek sagardoa nola egiten duten ikustea inspirazio iturri da. Hemen badira latak erabili zein lupulua eta beste osagai batzuk dituzten sagardoak, argi eta garbi, estatubatuarren eraginez. Hori dibertigarria eta zirraragarria da.

Ekoizpenari dagokionean, zer joera nabari dituzu AEBtan?

Azken hamarkadan, bide ezberdinak jorratzen ari dira: batzuek beste herrialdeetan ikasitako metodologietan jarri dute arreta, eta beste batzuek, aldiz, ardogintzan. Ekoizpena ez dagoenez tradizioari hain lotuta, sagarraz gain bestelako osagaiak ere badituzten produktu bereziak egiten dira.