Sagardoaren lurraldea

2023ko sagardo ekoizpena 12 milioi litro ingurukoa da, "oso usaintsua"

Descripción

2023ko uztak 12 milioi litro sagardo inguru ekarri ditu aurten, aurreko urtean baino bi milioi gehiago. Oro har, sagardo hauek "alkohol graduazio e...

sidrería alorrenea astigarraga euskal sagardoa iñigo etxezarreta marca protagonista sagardo berriaren eguna sidra apertura del txotx

Ficha

  • Autor: Gara
  • Fuente: Gara
  • Fecha: 2024-01-17
  • Clasificación: 5.1. Aperturas txotx
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016480

Texto completo

Atzo aurkeztu zuten aurtengo sagardo ekoizpena Astigarragan, eta «graduazio eta gorputz gutxiagokoa eta oso aromatikoa» dela nabarmendu zuten. ETS musika taldeko abeslari eta gitarrista den Iñigo Etxezarreta izan zen urteko lehenengo sagardoa dastatu zuena.

2023ko uztak 12 milioi litro sagardo inguru ekarri ditu aurten, aurreko urtean baino bi milioi gehiago. Oro har, sagardo hauek «alkohol graduazio eta gorputz gutxixeagokoak dira, eta oso aromatikoak».

Uzta berria aurkeztu zuten atzo Astigarragako Erribera Kulturgunean, Sagardo Berriaren Egunaren XXXI. edizioan. Bertan Xabier Urdangarin alkatea, Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zenbait ordezkari, Oihana Gaincerain Euskal Sagardoa Jatorrizko Deiturako presidentea eta Iñigo Etxezarreta ETS (En Tol Sarmiento) taldeko musikaria izan ziren.

Aurten uzta «oparoa eta berezia» izan da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturarentzat, eta 6 milioi kilo sagar bildu dira izen horrekin, 4 milioi litro egiteko. EAEko 50 sagardotegik egiten dute Jatorrizko Deitura hau duen sagardoa: bik Araban, hiruk Bizkaian eta 45ek Gipuzkoan.

Aurtengo sagar uzta «ugaria eta oso berezia» izan da, urriko tenperaturak «espero zena baino ekoizpen txikiagoa baina ugaria eragin baitu, aurreko urteekin alderatuta heltze aurreratuarekin», Gaincerainek azaldu zuenez.

Iñigo Etxezarreta izan zen protagonista, Alorrenea sagardotegian «txotxa» ireki zuen eta. Horren aurretik sagarrondo berri bat landatu zuen, «naturaren dinamismoaren berrikuntzaren erakusgarri, urtez urte mahai baten eta sagardoaren inguruan esertzeko aukera ematen duena».

Alorrenean ekitaldiari hasiera emateko ‘txotxaren’ irekieraren erritual koreografikoa egin zen. Bertan, sagardogileek ETSko musikariari upelera lagundu zioten, sagardotegien denboraldi berriari hasiera emateko.

Sagardotegiko sarreran txalapartariek egindako deiarekin, dantzariek sagar dantza dantzatu zuten. Ondoren, Sagarduneko ekoizleek osatutako sokadantzak Etxezarreta upelera lagundu zuen, denboraldiko lehen salda dastatzeko.

Musikari arabarra harrituta agertu zen protagonista izateko gonbidapenarekin, are gehiago Arabako Errioxatik datorrenean, ardoarekin lotzen den lurraldea da eta.

ETS talde ezagunean musikari gisa egiten duen jardueraren eta sagardotegien esanahiaren arteko antzekotasunak nabarmendu zituen, leku horietan ospakizun eta zorion giroa sortzen delako.

Astigarragako alkateak «sagardotegietan gozatzera» gonbidatu zuen, «sagardoa ezagutzera», baina «errespetuz». Produktua berritu egiten dela esan du, baina «sustraiak mantenduta». «Zaindu eta gozatu Euskal Herriko sagardotegiak elkarrekin», adierazi zuen.