Sagardoaren lurraldea

Aurtengo sagar uztako lehenengo muztioa dastatzeko aukera izan zuten astigartarrek

Descripción

Udal ordezkariek eta sagardogileek gidatuta, topa herrikoia egin zuten aurtengo uztako lehenengo muztioarekin.

ocio astigarraga lagar kirikoketa cultura sagar dantza fiesta de la manzana sagar uzta sagardoetxea

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2023-09-25
  • Clasificación: 5.3. Fiestas de la manzana
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P40-83
  • »
  • Código: NA-016273

Texto completo

Udal ordezkariek eta sagardogileek gidatuta, topa herrikoia egin zuten aurtengo uztako lehenengo muztioarekin.

Sagarra bildu, jo, zanpatu, kirikoketa egin eta muztio berria lortu. Horixe egin zuten atzo, tradizioarekin jarraituz, Astigarragako XXIII. Sagarraren Jaian. Aurtengo sagar uztako lehenengo muztioa dastatu zuten herritarrek, eta zapore bereziki ona hartu zioten gehienek eguerdi sargorian.

Goizean goiztik jarri ziren martxan astigartarrak. Sagardoetxean jarri zuten hitzordua goizeko 10:00etan, eta bertan bildu zuten eguneko protagonista nagusia: sagarra. Familia giroan egin zuen bilketa, eta txikienek erakutsi zuten Astigarragako sagardogileen kateak baduela harrobia. Lanak amaituta, kalejiran egin zuten Sagardoetxetik Foru plazarako bidea, herriko musikarien laguntzarekin.

Alabaina, lanak ez ziren Sagardoetxean amaitu. Urteko lehenengo muztioa lortzea zen helburua, eta horretarako sagarrak jo eta zanpatu zituzten gaztetxoek. Behin sagar guztia ondo txikituta, tolare eder batean sartu, eta bertatik eratorri zuten zukua.

Udal ordezkariek eta sagardogileek gidatuta, topa herrikoiarekin eman zioten ongi etorria lehenengo muztioari, eta herri bazkariarekin borobildu zuten goiza.

Sagar dantzak eta postuek girotu zuten festa

Egin beharreko lanaz gain, ikuskizunez eta gastronomiaz gozatzeko aukera ere izan zen Astigarragan. Postu ugari jarri zituzten herriko sagardogileek, eta sagardo tragoekin batera pintxoak ere jan zituzten bertaratu zirenek. Gainera, barazkiak, gozoak eta bestelako produktuak ere saldu zituzten bertan.

Ikuskizunei dagokienez, aurtengo festan ere ez zen Sagar Dantzarik faltatu. Ikusmin haundia sortu zuen dantzarien jardunak, eta txalo zaparrada ederra jaso zuten ikuskizuna amaitutakoan. Arratsaldean afizionatu mailako pelota partiduak jokatu zituzten Txomiñenen.

Sagar urte oparoa izango da aurtengoa

Sagardoaren Lurraldeak eta Fruitelek sagarraren heldutasunaren txostena aurkeztu dute. Aipatzen dutenez, sagar urte oparoa izango da aurtengoa, sagasti gehienek sagar asko dute, uzta osasuntsua eta ale haundikoa da, eta udarako eguraldia izan da hori ahalbidetu duena. Aurreko urtearekin alderatuta, lehenago heldu da sagarra.