Sagardoaren lurraldea

Euriak ez du giroa zapuztu

Descripción

Sagardo Egunaren 36. aldia izan da Donostiako Konstituzio plazan. Euria lagun izan duten arren, bertaratutakoek ez dute aukera galdu eztarria sagardoz bustitzeko.

donostia euskal sagardoa gastronomía marca sagardo egunak sidra

Ficha

  • Autor: Amaia Jimenez Larrea
  • Fuente: Berria
  • Fecha: 2023-09-03
  • Clasificación: 5.2. Días de la sidra
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016247

Texto completo

Iragarrita zegoen, eta iragarrikoa bete da. Euria goian behean ari du Donostian. Parte Zaharreko dendak zabalik daude, baina ez da ia inor barruan. Tabernak, berriz, irekitzeko prestatzen ari dira. Nabari da nor dagoen Euskal Herriko uda aldakorretara ohituta eta nor ez. Turistek koloretako plastikozko zirak dituzte soinean, eta horietako batzuek txankletak eta praka motzak daramatzate. Donostiarrak, berriz, jakak goraino lotuta eta euritako zapatak jantzita dabiltza.

Karrikak ia hutsik daude; gutxi dira kalera irtetera animatu diren ausartak. Konstituzio plazaren sarreran, ordea, giroa oso bestelakoa da. Trikitilariak daude eszenatoki gainean, eta jendea plazako arkuetan jarritako postuetan atzera eta aurrera dabil.

Atzo ospatu zen Donostiako Sagardo Egunaren 36. aldia. Gipuzkoako 34 sagardogilek hartu zuten parte, euren produktu izarra sagardozaleei eskaintzeko asmoz. Guztira, 8.000 botila inguru zerbitzatu zituzten.

Bigarren urtea da sagardoa kopan zerbitzatzen dutela, baina koparen auzia alde batera utzi dute aurten, euria izan baita hizpide bertaratutakoentzat. Euriak ez ditu kikildu Josu Rodriguez eta haren familia. Urtero egiten dute Sagardo Egunera etortzeko plana, eta aurten, bilobak ere animatu dira planera: «Egun polita izaten da guretzat; elkartzeko aitzakia bat da, azken finean». Sagardo trago batzuk hartu ostean, Errealaren partida ikustera joango dira familiako batzuk.

Plan bera dute Joxe Migel eta Josu Mantzisidorrek. Azpeititik (Gipuzkoa) etorri dira biak, eta sagardoaren festara etortzeko ohitura dute: «Errealaren partida egon gabe ere etortzekoak ginen, baina, partida dagoela aprobetxatuz, plan biribila egin dugu».

Sagardogileen eguna

Trikitilariek jotzen jarraitzen dute, eta Rocio Sanchez eta haren lagunak gorputza arin-arinaren erritmoan mugitzen saiatzen ari dira. Sevillatik etorri da bost pertsonako taldea, astebeterako, Euskal Herria bisitatzera. «Kasualitatez topatu dugu hau; hasieran ez genekien zer zen ere», esan du, barrezka. Antolatzaileei galdetu, eta segituan erabaki dute bertan geratzea. «Eguraldi txarra emanda zegoenez, ez genuen planik gaurko, eta ondo baino hobeto etorri zaigu».

Nahiz eta sagardozaleentzako eguna izan, sagardogileek ere badute gozatzeko aukera. Aginagako (Usurbil, Gipuzkoa) Urdaira sagardotegiko Patxi Azkonobietarentzat, «urteko sagardo egunik garrantzitsuenetako bat» izaten da.

200 botila inguru ekarri dituzte Hernaniko (Gipuzkoa) Rufino sagardotegitik, etaaurten horietako batzuk bueltan eraman beharko dituztela uste du Javier Antsolekuk: «Urte batzuetan 14:00ak baino lehenago itxi behar izan dugu, ezer gabe geratuta, baina aurten ez dut uste horrela izango denik». Sagardoa zerbitzatzen amaitutakoan, sagardogileen txanda izan da. Urtero bezala, parte hartzaile guztiak elkarrekin bazkaltzera joan dira. Antsolekuk zera gehitu du: «Gure eguna ere bada».

Sagardogileek urtez urte egiten duten lana saritzeko asmoz, 2019. urtetik hona, Euskal Sagardoa Jatorri Deituran 65 urtetik gora bete dituzten bazkideak omendu dituzte. Joxe Mari Alberro, Juan Ignacio Artola eta Ana Maria Pascual izan dira aurtengo omenduak.