Sagardoaren lurraldea

"Sagardo Egunerako mila baso eskatu dira eta normalean denak saltzen ditugu"

Descripción

Mikel Ubarretxenak urte asko daramatza Jai Batzordean eta Ergobiko festen xehetasunak azaldu dizkio Kronikari. «Biharko Sagardo Lehiaketan biltzen da jende gehien».

concurso de sidra de ergobia fiestas concurso sidra

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2023-08-19
  • Clasificación: 5.6. Concursos
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-016232

Texto completo

Mikel Ubarretxena Ergobiko Jai Batzordeko kide da aspaldiko urteetatik eta festen antolakuntzaren inguruan eskarmentu haundia du. Aitortu duen bezala, festak antolatzea «gogorra da», baina ilusioarekin beste urte betez iritsi dira auzoko jaiak. Xarma berezia dute eta Jai Batzordea, Astigarragako Udala, babesle eta auzotarrei esker ari dira ospatzen atzotik astelehenera arte. «Aurten festa goiztiarrak dira Amabirjin eguna asteartean erori delako egutegian. Abuztuak 15a ostegunetik-iganderako egunetan izaten bada astebe atzeratzen da festa».

«Urte hasieran, Udalak zer asmo daukagun galdetzen digu. Egitaraua zehazki oraindik ez dakigu zein izango den, baina lehendabiziko zirriborroa aurkezten dugu. Gero aldaketak eta zuzenketak egoten dira eta Udalarekin hitz egin behar izaten dugu aldaketen inguruan». Hor hasten da antolakuntza eta labetik egitaraua abuztuaren hasieran ateratzen da, nahiz eta azken orduko aldaketak beti egoten diren.

Batzutan 'borrokan' ibili behar izaten dute dirua lortzeko, baina ekitaldi arrakastatsuak antolatzen dituzte. Horren adibide da biharko Sagardo Lehiaketa. Aurten 60 urte beteko ditu eta Mikel Ubarretxenak dioen bezala Gipuzkoan dagoen zaharrenetakoa da. «Azkenengo urteetan oraindik eta gehiago indartu da, osasunez beti oso ondo egon den arren. Igande eguerdiko Sagardo Egunera jende asko etortzen da eta 1.000 baso eskatu ditugu. Normalean ia denak saltzen dira. Astigarragako sagardotegi guztiak egoten dira eta kanpotik gonbidatzen ditugu Barkaiztegi, Alberro...».

«Ergobia asko aldatu da eta auzotar berri asko etorri arren, gu saiatzen gara ohiturak eta gauzak ahal den neurrian mantentzen»

Aurten Astigarragako Txirrindulari Lasterketarekin batera da eta Jai Batzordetik dei egiten dute goizago mugitzeko eta hurbiltzeko Ergobira. «Ibilbidea Ergobitik pasatzen da eta bidea itxiko denez lehenago etortzea gomendatzen dugu, arazorik ez izateko Ergobira iristeko».

Mikel Ubarretxenak esperientzia du antolakuntzan eta Jai Batzordearen nondik norakoak ezin hobeto ezagutzen ditu. «Hamar hasi ginen, ofizialki, estatutuak egin genituenean. Hiru geratzen gara buru belarri prestaketa lanetan aritzen garenak. Orain jende berria etorri da auzora bizitzera eta horietako batzuk ongi lekukotu dira eta beraiei esker aurten ere aurrera aterako ditugu. Beraien inplikazioagatik, jaiak gustoko dituztelako eta lan egiteko gogoagatik, egingo dira. Gazteak izanda indarrarekin sartu dira».


«Otorduekin gure nahia da jendea auzotik ez mugitzea

Auzoa aldatu arren egitaraua urtetik urtera mantentzen dute. Orduz aldatzen dira ekitaldi batzuk eta aldaketa txiki batzuk izaten dira. «Ergobia asko aldatu da, auzotar edo bizilagun berri asko etorri dira, baina gu saiatzen gara jaietan lehenego ohiturak eta gauzak ahal den neurrian mantentzen. Ildo horretatik herri kirolei garrantzi haundia ematen zaio Ergobiko festetan, baita otorduei ere. Herri kiroletan emakumearen barneratzea izan da aldaketa. Otorduetan gure nahia izaten da jendea auzotik asko ez mugitzea jarduerak daudenean giroa mantentzeko. Menu nahiko eskuragarriak egiten ditugu horretarako. Bazkaldu, afaldu eta bertan egotea nahi dugu, jatera irtenez gero zaila izaten baita berriz bueltatzea».

Ergobiko festak elkargunea ere badira auzotarrentzako eta ergobiarrak direnentzako, baita ere kanpoan bizi direnentzako. «Kanpotik ere etortzen da jende asko espreski festetara, bikote madrildar bat urtero etortzen da. Kanpoan bizi diren auzotar izandakoak ere ia egunero etortzen dira». Ergobiko plazan elkartzen dira eta plaza jasoa eta atsegina izateak asko laguntzen omen du giroan. «Jarduera ia guztiak bertan egiten dira. Ekitaldien antolakuntzari puntua hartua diegu eta ez gara asko mugitzen. Ibai Parkean lehenengo aldiz haurrentzako krossa antolatu dugu. Kontaktuak eginak ditugu».

«Harrijasotzaile txapelketak izango ditugu gaur eta bihar, Ereñotzu aldetik atera genituen 'Harri Beltzarekin' eta 'Etxepazterrekin'»

Auzo eta herri askotan herri kirol jaialdiak eta erakustaldiak izaten dira, baina Ergobin ez. Txapelketak eta erronkak antolatzen dira eta horrek auzoko festaren indarra erakusten du. «Saiatzen gara lehiakortasun puntua lortzen. Hasi ginen orain bederatzi urte gizonezkoen harrijasotze txapelketa antolatzen eta emakumezkoetan aurten izango da bigarren urtea. Mutilak 104 kiloko harri baldarrarekin aritzen dira, Ergobiko Harri Beltza izena jarri dioguna, eta nesketan Etxepazter harriarekin aritzen dira».

Jai Batzordeko kide bati bururatu zitzaion harri baldar batekin txapelketa antolatzea. «Harriak bilatu behar izan ziren. Hasieran mutilena eta pasa den urtean emakumeena. Ereñotzu aldean, Urumea ibaiaren ondoan, bilatu genituen. Imanolek lagundu zigun. Ez zen erraza izan. Gizonezkoentzako 100 kilo inguruko harria bilatu nahi genuen; pisu horrekin eta jasotzeko gutxiengo forma batekin. Zaila izan zen aurkitzea, baina azkenean lortu genuen bien artean Ergobiko Harri Beltza ateratzea».

Nesken harriari dagokionez: «hasieran harri bat atera genuen, baina txiki xamarra iruditu zitzaigun, 55 kilokoa, eta gero bigarrengo bat atera genuen, plazan erabili zena. Zerbait haundiagoa eta 60 kilo ingurukoa da». Nesketan bost harrijasotzailek hartuko dute parte gaurko Etxepazter Harriaren Txapelketan: «Ainitze Zumetak, Karmele Gisasola Zelaik, Maddi Gesalagak, Lierni Osak eta Julia Martinez segoviarrak. Lehendabiziko aldia da Martínez aritzen dena eta arauak dioen bezala, utziko diogu harria probatzen hasi aurretik».

Mutiletan ordea aurten partaidetza txikiagoa da. «Hiru harrijasotzaile ariko dira bihar, 18:30etatik aurrera: Mikel Lopetegi 'Urra', Paulo Azpiazu eta Xabat Olaizola». Puntako harrijasotzaileak dira. Urrak Igeldoko Harria Txapelketa irabazi berri du, errekorretik gertu, 18 altxaldirekin, baita Mallabiakoa ere. Gainera Ergobin ere berak du errekorra. 10 minutuko saioa izaten da. «Ostolaza harri eskolako harrijasotzailerik ez dugu lortu ekartzea. Batzuk oporretan dira eta txapelketa asko ere daude tartean».

«Jaia antolatzeak esfortzu haundia eskatzen du. Auzotarren laguntza beharrezkoa da»

Urtean zehar ongi gordetzen dituzte harriak auzoan. «Kaxa batean gordetzen ditugu eta ez ditu inork ukitzen. Harrijasotzaileak lehendabiziko aldiz partehartzen badu, uzten diogu aurretik probatzen. Antolakuntzan harrijasotzaileek beraiek ere laguntzen dute. Eskertzekoa da. Saiatzen gara gauzak zuzen egiten, baskulekin, denborarekin, pantailarekin... sariak ere nahiko garrantzitsuak dira. Altxaldiko hamar euro ematen ditugu. Errekorra mutiletan 52-53 altxaldi inguru da, oker ez banago».

Pentatloi mixtoa eta Ugaitz Mugertza, aizkoran

Harrijasotzen hasi aurretik, Ugaitz Mugertza aizkolaria kanako enbor bat ahalik eta azkarren mozten saiatuko da zutika. «Pentatloi misto bat ere antolatuko dugu Karmele Gisasolaren eta Jakes Izetaren artean. Hau ez da egitarauan azaltzen».

Su artifizialak ere aurrekontuan garrantzitsuak dira. «Oso garestiak dira, esfortzu haundia da, baina pandemia garaian, 2021ean, berreskuratu genituen. Jaiei bukaera emateko jartzen ditugu». Bertako enpresak eta komertzioak laguntzen dute. «Beraiei esker ere egiten dira festak. Lan asko eskatzen digu antolatzaileei, baina egin beharrekoa da. Gure lana utzi eta horretarako orduak sartu behar izaten ditugu».

«Madrildik bikote bat etortzen da urtero festara eta kanpoan bizi diren ergobiarrak beti hurbiltzen dira»

Idi probak Astigarragan garrantzitsuak izaten dira eta Ergobin ere bai. Bertan probaleku bikaina dago eta hiru idi pare ariko dira, etzi astelehenean Baserritarren egunean. «Azken edizioan azkena geratzen dena hurrengo ediziotik kanpoan geratzen da eta lehendabiziko biak mantentzen dira. Aurten idi pare berria Enrique Artolarena izango da. Idi probarentzako ere dena ongi prestatu behar izaten da. Lehen lau idi pare izaten ziren eta goizean eta arratsaldean antolatzen genuen. Orain jardunaldi bakarra izaten da goizean. Zaldi proba ere izaten dugu», aurten atzo gauean izan zen