Sagardoaren lurraldea

"Herritarrek beren botoaren bidez garbi adierazi dute zein den etorkizuneko norabidea"

Descripción

Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egin zen igandean, Astigarragan. Izan ere, Sagardoetxeak dagoeneko 15 urte bete ditu, eta Astigarragako hainbat eragile, elkarte, udal ordezkari eta herritar aritu dira sagardoetxearen etorkizunari buruzko proposamena lantzen. Eta laburbilduz, honako proposamena aurkeztu zen: "Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean egongo litzateke Sagardoetxea , hein haundi batean lurpean".

astigarraga consulta museo proyecto sagardoetxea

Ficha

  • Fuente: Kronika.eus
  • Fecha: 2022-02-08
  • Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • Signatura: P39-23
  • »
  • Código: NA-014911

Texto completo

Guztira 713 herritarrek hartu dute parte Sagardoetxearen etorkizunari buruzko herri galdeketan. Atzo Astigarragako Xabier Urdangarin alkateak, galdetegiaren emaitzak helarazteaz gain, balorazioa egin zuen.

Sagardoetxearen etorkizuna erabakitzeko herri galdeketa egin zen igandean, Astigarragan. Izan ere, Sagardoetxeak dagoeneko 15 urte bete ditu, eta Astigarragako hainbat eragile, elkarte, udal ordezkari eta herritar aritu dira sagardoetxearen etorkizunari buruzko proposamena lantzen. Eta laburbilduz, honako proposamena aurkeztu zen: «Kontxa Etxeberria lorategiaren eta sagastiaren artean egongo litzateke Sagardoetxea berria, hein haundi batean lurpean».

Hau guztia, herritarren esku utzi du Astigarragako Udalak, herri galdeketarekin, eta Urdangarinek ziurtatu du emaitza «argia» izan dela, izan ere, Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenari buruzko galdeketan ezezkoa gailendu da botoen %63,53arekin. Astigarragan erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrak zeuden deituta igandeko herri galdeketan parte hartzera, eta alkateak nabarmendu du, «gorabehera aipagarririk gabe» burutu zela herri galdeketa: «herritarrak egun osoan hurbildu ziren beren botoa ematera». Egun osoan egon ziren hautestontziak irekita: «iluntzeko 20:00etan itxi genituen, eta jarraian mahaikideek kontaketari ekin zioten» aitortu du Astigarragako alkateak.

Igandean herritar ugari bertaratu ziren bozka ematera. Argazkia: Jon Urbe (FOKU).


EMAITZA
Ados zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?
BAI 253 %35,48
EZ 453 %63,53
Zuriak 5 %0,70
Baliogabetuak 2 %0,28
GUZTIRA 713 %12,04

Guztira, 713 pertsonek eman dute botoa (hautesle erroldaren %12,04). Galdetegian, honako galderari erantzun behar zieten herritarrek: Ados zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?' Eta emaitzak ondokoak izan ziren: 253 baiezko boto, (%35,48) eta 453 ezezko boto (%63,53). Bost boto zuri egon ziren (%0,70), eta baliogabetuak bi izan ziren (%0,8).

Atzo alkateak, aitortu zuen ez zuela emaitza espero: «hala ere emaitza argia izan da, izan ere, herritarrek ez zuten ontzat eman Sagardoetxearen etorkizuneko proposamena eta horrekin ondorioztatu dugu, herritarrek beste lehentasun batzuk dituztela Astigarragarentzat». Horrela, Udalak aditzera eman du aurrerantzean Sagardoetxeak lanean jarraitu behar duela, «sagardogintzaren kultura sustatzen, gutxi asko gaur egun dituen instalazio eta baliabideekin, galdeketan mahai gainean jarritako proposamenaren norabidea alde batera utzita».

Ezezko botoek, Sagardoetxearen etorkizuna erabaki dute

Guztira, 453 izan dira ezezkoa eman duten botoak, eta gehiengoa izanda, Sagardoetxearen etorkizunari buruzko proposamenak ez du aurrera egingo, eta horrek honakoa esan nahi du: Sagardoetxeak, orain bezala, herri eta eskualde proiekzioa izango du, eta sagardoaren kultura sustatzen lanean jarraituko du; Proiektu berriak ekar ditzakeen bisitari kopuruak herrian eragin negatibo batzuk izango ditu, turismoak berekin dakartzanak; Oraingo egiturarekin jarraituko du lanean, herriko eragileekin, sagardogileekin eta Udalarekin lankidetzan; Sagardoetxeak Kultur Etxe Zaharrean okupatzen duen espazioa nahikoa du. Dastaleku eta dendaren kasetan bertan mantenduko da. Beharren arabera, gerta liteke Kultur Etxe Zaharreko espazioren bat Sagardoetxearako erabiltzea. Berdegunea eta lorategia bere horretan geratuko dira; Finantziazioaren aldetik, orain bezalatsu jarraituko du, aparteko ahalegin ekonomikorik egin gabe. Ez da aparteko inbertsioak egiteko unea, ordainketa Udalak edo beste administrazio publiko batek eginda ere, eta azkenik; Sagardoetxe berriaren proiektua ez da estrategikoa Astigarragarentzat, eta herriak baditu beste lehentasun batzuk.

Hala ere, Udalaren balorazio positiboa da: «herritarrek bere botoaren bidez garbi adierazi dutelako etorkizuneko norabidea zein den. Herri galdeketa honek, azken finean, balio izan du hainbat urtez erabaki gabe izan dugun gai bat argitzeko».

Azkenik, Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesu honetan, parte hartu duten pertsona, eragile eta elkarte guztiei, egindako ahaleginagatik eta lanagatik. Eta herritarrak ere jarri ditu erdigunean: «eskerrak eman nahi dizkiegu galdeketan beren botoekin parte hartu duten herritarrei, eta galdeketa antolatzen eta bideratzen parte hartu zuten herritar eta udal langileei». k