Sagardoaren lurraldea

Sagardogintzaren historiari begira etorkizuna irabazi nahi du Sagardoetxeak

Descripción

Datorren igandean, otsailaren 6an, 16 urtetik gorako astigartar guztiak botoa ematera deituta daude, Sagardoetxea museoaren norabidea erabakitzeko herri galdeketan. Galdera honi erantzungo diote herritarrek: "Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?" Galdera horri erantzuteko informazio nahikoa izan dezaten, Udalak eta Sagardoetxeako arduradunek informazio panel handi bat jarri dute herriaren sarreran, etxez etxe informazio-orriak bidali eta doako bisita gidatuak antolatu museoan barrena herritarrei helarazteko sagardogintzaren ondare kulturalak herriarentzako duen garrantzia.

astigarraga consulta museo proyecto sagardoetxea

Ficha

  • Autor: Maddi Txintxurreta
  • Fuente: naiz:
  • Fecha: 2022-02-03
  • Clasificación: 3.0. Museo de la Sidra Vasca
  • Tipo documento: Prensa
  • Fondo: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Código: NA-014906

Texto completo

Ezin daitekeenez etorkizuna pentsatu iraganari behatu gabe, Astigarragako Sagardoetxeak bisita gidatua eskaini die herritarrei. Igandean museoari buruzko herri galdeketara daude deituta astigarragatarrak eta erabakiko dute, besteak beste, herriko kultura-ondareari toki eta garrantzia gehiago ematea.

Joxe Mari Alberro, bisita gidatura azaldu diren herritarrei azalpenak ematen.
Joxe Mari Alberro, bisita gidatura azaldu diren herritarrei azalpenak ematen. (Gorka Rubio | FOKU)
Datorren igandean, otsailaren 6an, 16 urtetik gorako astigartar guztiak botoa ematera deituta daude, Sagardoetxea museoaren norabidea erabakitzeko herri galdeketan. Galdera honi erantzungo diote herritarrek: «Ados al zaude Sagardoetxearen etorkizunerako proposamenarekin?»

Galdera horri erantzuteko informazio nahikoa izan dezaten, Udalak eta Sagardoetxeako arduradunek informazio panel handi bat jarri dute herriaren sarreran, etxez etxe informazio-orriak bidali eta doako bisita gidatuak antolatu museoan barrena herritarrei helarazteko sagardogintzaren ondare kulturalak herriarentzako duen garrantzia. Ostegun honetan egin dute azken bisita.

Xabier Urdangarin alkateak Gaur8ri eskaini zion elkarrizketan esan bezala, Sagardoetxeak 15 urte bete dituen honetan zenbait «hutsune» eta «gabezia» zituela jabetu zen Udala. Hainbat eragilerekin hausnarketa prozesu bat abiatu zuten orduan eta etorkizunera begirako proiektu proposamen bat osatu; igandean bozkatuko den proposamena.

Sagardogintzaren historiara hurbildu dituzte Sagardoaren Lurraldeko Joxe Mari Alberro eta Leire Alkortak, nahiz eta herritarrek ongi ezagutzen zuten herriko ondare hau, bere momentu on eta txarrenetan. Oroitu dute nola lehen ia baserri guztien atarian kupel bat zegoen, «lehengo tabernak ziren», zenbaitetan, bolotegi eta guzti; akordura ekarri sagardoa txarroka edaten zeneko garaia, txotx egin gabe.

Herriaren sarreran Udalak jarri duen panel informatiboa. (Gorka RUBIO/FOKU)
Baina sagardogintza «ia hilik» zegoen Astigarragan 1970eko hamarkadan, baserrietan hartzen bazen ere, harik eta 1976an herritarrak baserriz baserri sagardo eske joan eta orain Sagardo Egun gisa ezagutzen denaren aurrekaria ezarri zuten arte, haiek jakin gabe ere. «Gerora hasi zitzaion txotx irekierari protagonismoa ematen», zehaztu du Alberrok.

Ondareari bide emateko, lekua eman

Are lehenago, argindarrik ez zegoenean, eskuz egiten zen sagardoa baserrietako dolareetan, idi batek lagunduta, eta Sagardoetxearen erakinaren barruan orduan erabiltzen ziren tresna batzuk ikus daitezke, sei metro luzeko egurrezko tornua, kasurako. Ezin ondare guztia erakutsi ordea, txiki geratzen baitzaie lekua. «Pena bat da halako ondarea almazen baten gordeta egotea eta ez herritarrentzako ikusgai», deitoratu dute Akortak eta Alberrok.

2006an sortu zenetik, astigarragatarrei herrian historikoki errotuta egon den sagardogintzaren ondarea erakustea izan da museoaren itua. Hainbat ikerketa egin dituzte urte guzti hauetan eta hainbat herritarren pieza dokumental eta etnografikoak dohaintzan jaso. Sagardogintzaren hiztegia ere plazaratu zuten eta, proiektu garrantzitsuenen artean da dokumentazio zentroa. Bertan, sarean, 13.000tik gora albiste (zaharrena 1874koa) eta 42.000tik gora argazki jaso dituzte besteak beste, denak sagardoaren eta sagarraren bueltakoak.

Sagardoetxea museoa, barrutik. (Gorka RUBIO/FOKU)
Orain, sorreratik 15 urtera, bildutako informazio eta tresneria guztia herritarren eta bisitarien esku utzi nahi dute; horregatik, igandeko herri galdeketan Astigarragako Udalak 30 pertsona ingururekin batera ondutako proposamenari bide emango zaiola espero dute museoko arduradunek, helburuetako bat espazioa zabaltzea baita. Lortuz gero, adibide bat ematearren, Erbetegi Etxeberri dolare handia ikusgai jarriko lukete.

Aurrekontua eta masifikazioa

Baina herritarrek badituzte kezka batzuk. Bi, nagusiki: batetik, aurrekontua, uste baitute Sagardoetxeari dirua bideratzen bazaio herriko beste zerbitzu bati kenduko zaiola. Bestetik, herriaren masifikazioa, turismoari begira.

Kezka horiek aise argitu dituzte Leire Alkortak eta Joxe Mari Alberrok. Segurtatu dute Sagardoetxearen proiektu berriak ez dituela Udalaren gainerako proiektuak ekonomikoki baldintzatuko. Eta, masifikazioari dagokionez, esan dute museo batek ez duela herriaren masifikazioa eragingo eta, ironiaz: «Hala balitz, agian berri ona izango litzateke».

Gainera, bisitari gehienak aisialdi-taldeak edo eskolak izaten direna gehitu dute, eta gehienak udazkenean etortzen direla, txotx denboralditik kanpo.

Herritarrek kezkak utzi eta igandean Sagardoetxearen proiektua zabaltzearen alde agertuko direla espero dute Alberrok eta Alkortak: «Hau herriko gauza bat da, gogorarazi dute».