Sagardoa eta sagardotegiei buruzko bertsoak

 

“Al den ongien eman nahi ditut
sagardoaren berriak,
nik bere baitan uste dudana
jakin dezala herriak.
Beste edari hoberik ez du
gizonaren egarriak,
bedeinkatuak sagasti eta sagardotegiak”
Lazkao-Txiki

—-

Egunsentian hi ikusita
astindu zaidan bihotza,
iazko kimu punttan hor hago
lore txuri ta arrosa,
hire mezuak adierazten din
neguaren heriotza,
hiri eskerrak nabari dinat
Udaberriaren poza.

Hire polena miazka nahirik
erleak helduko zaizkin,
euri epelak sari gisara
ekarri hainbat xipriztin,
hego haizeak petalo hoiek
bilakatzean hegazkin,
hi joango haiz ta zuhaitz honek
sagarrak izango dizkin.

Sagardozale purrukatuak
baserri edo-ta kale,
sagar horiek izango ditun
beren antsien seinale,
sagardo zuku bihurtu gero
denak gero alez-ale,
hiri eskerrak loretuko den
hamaika sagardozale.
1991-03-15 Aizarnazabal Jaialdia / Iñaki Murua / Entzun

—-

Sorozabal
Usurbildarra sagardozale
ez danik ez det esango,
eta Galesko botil bat ere
iritsi zaizue behingo,
gure sagardo hau bizia da,
zeinek ez du hau jakingo?
Hori edanda Lizasok ez du
diarrearik egingo.

S. Lizaso
Gales aldetik Usurbilera
badakar hainbat enkargu,
era hontako edaririkan
lur honetan ez daukagu,
sagarrarenik usairik’e ez,
saborerik ere ez du,
apar asko du ta hemen horri
zerbeza deitzen diogu.

Mendizabal
Asturiasko sagardo harek
izena zeukak Gaitero,
apar askorik ez zeukak baina
basoa ez zegok bero,
aizak hi “Barbas” egizak, tori,
hemendik trago bat edo,
mozkortutzeko peligrorik ere
txixa ondo egin ezkero.

S. Lizaso
Asturiarrak erakutsi du
dakarren borondatea,
horrenetikan probatzeko’re
gaur izandu det suertea,
zabaldu eta basoa jarri
ia goraino betea.
Sagardoa da. Erru bat dauka:
kaxkar samarra izatea.

Egaña
Normandiako sagardoa nik
nahi niake erakutsi,
botila ere polita degu
bere paisaje ta guzi,
kolorea du gariarena,
alkoholan graduak: zortzi,
gustatzen bazaik edan lasai, ta
gustatzen ez bazaik utzi.

S. Lizaso
Ez nuen uste horrelakorik
Usurbilen dastatzerik,
ez zak pentsatu hik euskaldun bat
nolanahi engainatzerik,
ez diat uste horri kolpeka
hemen berriro hasterik,
sagardotikan ez zeukak horrek
moteil izena besterik!

Sorozabal
Gales aldetik ekarritako
sagardoa aurkeztuta,
berehalaxe jarri zaizkigu
beste guztiak piztuta,
nahiz-ta probatu ta esan duen:
Asko balio ez du ta
Oso ederki etorriko zaik
Saizarkoakin nahastuta.

Mendizabal
Bere aurrean botillatxo bat
hementxe diot ireki,
eta ondoren basokada bat
eskeini diot ederki,
probatu eta jarri dizkio,
ez dakit zenbat aitzaki,
entenditzen dun ez dakit baina
edaten behintzat ez daki.

Egaña
Inolaz ezin aintzakotz hartu
euskaldun honen esana,
sagardoana zeduzkak honek
izena eta izana,
trago koxkor bat egin ondoren
gaizki hitzegin du dana,
baina probatzen ipini dute
idearik ez daukana.

Sorozabal
Sagardua ez, baina purua
erretzen gizon bikaina,
gure sagardo hauek juzgatzen
jarri dute alajaina,
gure herrian al dan guzia
produzitzen degu baina
Gales guztian ez da egongo
hori betetzeko aina.

Mendizabal
Dastatutzeko jarri diogu
hemen aukera galanta,
bat txarra zan da bestea ere bai,
inortxo ez du aparta,
horrek mingainan gustoa edo
saborea baidu falta,
honuntz etorri baino lehenago
hiru whisky edan ditu ta.

Egaña
Gure lurralde hortan badegu
arbola eta mendia,
lagunak berriz aho sapaia
dauka bastante geldia,
desonratu du gure Herria,
desonratu du Normandia,
lista beltzean sartuko degu
holako buru haundia.

S. Lizaso
Propagandara heldu zerate
eta zuentzat galera,
berehalaxe ausartu naiz ni
zer dan hura esatera,
jarriko’izutet berehalaxe
gastatutzeko aukera,
erabakia zuena da ta
zeuek kontuak atera.

Sorozabal
Horrelakoa baldin badute
bere kupel guztietan,
euskaldun hauek sagardo kontun
eskasak dira benetan,
hemen dagoen “Sidra natural”
hau ez da ona onetan,
han holakoa ateratzen da
mendiko iturrietan.

Mendizabal
Apar pixka bat bazeukak honek
ta kalidade sendoa,
bizi-bizia ipini baidit
basoak duen hondoa,
Asturiaskoan antzekoa dek
esateko dit gogoa,
hango sagarrez egina dago
Lizasoren sagardoa.

Egaña
Ez da batere txalotzekoa
edari honen konduta,
gustoa ere eskaxa dauka
txispa gunia kenduta,
guk ere han hau bazeukeagu
konparazioz hartuta,
mesanotxeko azpi kajoian
orinalean sartuta.

S. Lizaso
Hemen guztiak probatzea zan
lebendabiziko baldintza,
eta nerean kontra zergatik
atzerritar hauek mintza?
Zu normandoa dena edanda
gaizki esaka zabiltza,
boteila dena gutxigi zendun
itxurazkoa balitza.
1991-05-17 Usurbil Jaialdia / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Mikel Mendizabal, Jokin Sorozabal / Entzun

—-

X. Legarreta:
Zabal-zabalik ikusten ditut
nik bi kupel edo hiru
giro kaxkarra ez dago eta
guztiok gera testigu.
Nagusi jaunak ahots altuan
zeozer argitu digu
barkatu baina aizu nagusi
“txotx” horrek zer esan nahi du? (b)

O. Idoate:
Etorri eta obserbatzea
baitago zure aukeran
konturatu naiz ta pentsatzen dut
aizu ze tontoa zeran
etorri zara alde hontara
españolistoen eran
“txotx” esatean zutittu zaite (b)
zerbait nahi baduzu edan. (b)

X. Legarreta:
Nagusi jauna aldrebestu da
ez dago esan beharrik
hitz arraroen bidez egin du
itxura txarren marmarrik.
Egoskorra ta setatia da
ni nago haserre xamarrik
Esan nahi al du edan leikela
zuk esatean bakarrik? (b)

O. Idoate:
Hemengoa ez dela mutiltxo hori
da gauza nabarmena
itxura horiekin gora begira
zinez ematen dit pena.
Lehenengoa ez da hola etorriz
eta ezta ere azkena
nik esatean edaten baita (b)
sagardorik hoberena. (b)

X. Legarreta:
Ardo bodega bat daukat hemen
ez da batere kaxkarra,
likido honek omen du gainez
materia prima sagarra.
ikusten denez hemen badago
esateko gauz bakarra
nerean beltza ta ona dago
hemen horia eta txarra. (b)

O. Idoate:
Txarra dela eta erantzun nahi dut
nola ez, orain farrezka
ta ardorikan ateratzea
mesedez ez zazu eska.
Ordain itzazu zor dituzunak
hiru edo lau mila pezta,
sagardo txarra badugu baina (b)
lokala jendez gainezka. (b)
1998-03-21 Lizarra Txapelketa / Ortzi Idoate, Xabier Legarreta “Arano” / Entzun

—-

A. Mendiluze
Sagastietan lana
otarrak beteta
tolarean pasa ta
gero berriz buelta.
Nere sagardo honi
jar’iok arreta
beste hainbeste izerdi
kosta zaidak eta!

U. Agirre
Hara nik zer laguna
Leitza aldean dedan
sagardo dotore bat
jarri dit aukeran.
Egin, egin dek hik baina
ez ziok primeran
arreta jarri dit baina
hau ezin dit edan.

A. Mendiluze
Ez dizkit ontzat hartu
egindako hitzak
baina erakutsi bat
bazeukak bizitzak:
nahiz eta iritziak
beti hartu aintzat
inork ez dik egiten
gusto guztientzat.

U. Agirre
Hontan oso jakitun
dek Agirre Unai
Etxera etorri ta
tentatua nauk bai.
Hala ere egongo nauk
egarri ta lasai.
Berak ezin edan ta
nik edatia nahi.

A. Mendiluze
Badik urtebia ta
badik gezamina
badik txalaka eta
badik pelestrina.
Hobea izango dek
nunbaiten jakina!
Oaindik ez dit probatu
herorrek egina.

U. Agirre
Pelestrin ta txalaka
badit mila duda
urtebi txiki ta haundi
etorri burura
nahastu izango dizkiok
hau, hori ta hura
honek gehien daukana
errekako ura!

A. Mendiluze
Beraz errekatikan
etorri dek hona
esaten atrebitu
egin haiz gizona.
Ura baldin bazeukak
hiretzako ona
bakoitzak hartu behar dik
komeni zaiona.

U. Agirre
Poliki-poliki naiz
Leitzaraino aila
sagardoan jarri du
egundoko maila.
Honek hala’re badik
bere abantaila:
nahikua edan arren
mozkortzia zaila.

A. Mendiluze
Beraz ez haiz aseko
hemen edanean
ni berriz goxatzeko
negok afanean
jarri tomate batzuk
hemen mahai gainean
berriro probatzeko
ozpintzen danean.

U. Agirre
Neri ez zait gustatu
neuretzat kaltian
hobea egingo det
hurrengo batian.
Biok sagardo edateko
tomate jatian
eman neri sagar dana
datorren urtian.

A. Mendiluze
Beraz sagarra nahi dek
gaurkoan ordaina
tratu ona atera
behar zaik alajaina!
Neure lanan estima
bazeukeat baina
lasai ez dik balio
lagun batek aina.

U. Agirre
Bertsotan ere behar
fuego ahalegindu
Mendiluze ezin da
nolanahi berdindu
sagardo honek bere
gauz ona egin du:
gu haserratu baina
mingaina arindu.
2014-08-13 Leitza Jaialdia / Unai Agirre Goia, Aitor Mendiluze / Entzun

—-

A. Laburu
Zeozer egiteko
asmua neukan nik
eta lehen kupela
prest dago jadanik
txinparta berezia
baitauka gaurdanik
ta Oihanan kupela
berria izanik
ez nun uste hain ona
aterako zanik.

O. Iguaran
Sagardo berria naiz
ta badet nibela
nekin gustora bete
daiteke sabela
brilloakin beteta
jarri det kupela
ta uste det bidea
luze daukatela
hobetzen bainijua
ardua bezela.

A. Laburu
Ta bigarren kupela
kupel nabarmena
hor zer sartu dan ondo
dakit ta problema!
Ezin jakina zer dan
aterako dena
txirri gorri-gorria
ta altu duena
hauxe da sagardorik
kontundenteena.

A. Labaka
Kontundentea naiz ni
nere azaleran
ondo dastatu nauzu
zabiltza primeran
txiri gorri-gorria
jarrita aukeran
arriskutsua naiz ta
has zaitezke hegan
ta bazpa’re gehiegi
ez nazazu edan.

A. Laburu
Hirugarren kupela
bete non emeki
baino gaur arte ez nun
oraindik ireki
ze egur klase duen
Aginek baleki…
Zergatik ez det ondo
ulertzen ederki
baino naparrek hori
hartzen dute beti.

J. Soto
Naparrek ez dakite
ta arren barkatu
ni hementxe bainago
posturaz karratu
jaio berri nintzela
baininduzun sartu
orain gorputza hartu dut
bihurtu naiz altu.
Ez naiz kabitzen eta
kupelez aldatu.

A. Laburu
Ta hurrengo kupela
ze-nolako mauka!
Kasualitatez ez non
merkatuan hauta
nahiz jabeak haseran
egiten zun zaunka
bigarrenan antzeko
kupela da hau ta
baino pixka’t azidez
altugua dauka.

A. Agirre
Nahiz ta sartu ninduzun
ozpindu antzeko
neregan egokitu
da ezin hobeto
oliuan gisara
loditu da lepo
olio beharrik ez
ta Agin perfekto!
Letxu hosto lehorrak
pixka’t goxatzeko.

A. Laburu
Azken barrikotiai
hasiko natzaio
fermentazio eta
azido karraio
sagardo izateko
zu ez zinan jaio
azukre dexentia
dauka ze arraio!
Baino trago luzia
egin behar zaio.

B. Gaztelumendi
Gutxi ta maiz edaten
hamaika pirata
nunbait azukreari
dabiltza tiraka.
Baina nunbait eduki
behar det txinparta
nere aldamenera
kantari, bibaka,
denak prozesioan
etortzen dira ta.
2016-03-12 Amasa-Villabona Jaialdia / Amaia Agirre, Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Ane Labaka Mayoz, Agin Laburu, Julio Soto / Entzun

—-

Mantxi
Denok degu gustoko
sagardo erana
ta elkartetik neri
ipinia lana
konfidantzan etorri
gaur naiz zuregana
ze sagardo da hemen
urik ez daukana? (bis)

A. Laburu
Sagastian euriak
sagarrak bustiak
ura zeukatek batzuk
bezela bestiak
baino poz eman zidak
hemen ikustiak.
Zarauzko preziuan
salduzko dizkiat. (bis)

Mantxi
Pozik ireki dezu
hemengo atea
ta gustagarria da
txotxa eratea.
Zarauzko prezioan
nahi dezu esatea?
Bueno tokatzen zaizu
dohain ematea. (bis)

A. Laburu
Uste al dek dardarra
in dutela hankek?
Hori ere nik azkar
erantzun dezaket:
arrazoi pixka’t badu
hemen lagun batek
txakolinan onduan
ia dohainik dek. (bis)

Mantxi
Txakolina igotzen da
hain azkar burura
sagardoa ordaintzea
nolako tortura!
Ez dezunez nahi dohain
nik esan modura
ez zera aberastuko
Mantxiren kontura. (bis)

A. Laburu
Behar dan preziua
pagatzeko faltan
berriz’e sagastia
izango dek bakan
erdi preziua nahi
zergaitik? Nolatan?
Ba al dakizue honek
gaur zenbat lan dakan? (bis)

Mantxi
Ni imajinatzeko
banauzu kapaza
Ipintzan zein ote da
aizu kapataza?
Zu ezagututa izan
behar du erraza
beti zabiltza eta
plazarikan plaza. (bis)

A. Laburu
Lasai Mantxi ni ez nak
jartzen odol bero
elkar ondo ezautzen
diau honezkero.
Botila ez dezute
pagatzen bi euro
kubata zazpi euro
pagatzeko gero. (bis)

Mantxi
Negoziante gogor
izatera heldu
ia sumatzen zaitut
xurraren eredu
pixka bat pagatzeko
prestu bagaude gu
trago batzuk edanda
hitz egingo degu. (bis)
2019-07-28 Usurbil Jaialdia  / Agin Laburu, Iñigo Mantzizidor “Mantxi” / Entzun

—-

U. Mendizabal
Sagardua ta bertso kontua
konpara liteke errez
batzutan gozo ateratzen da
ta bestetan berriz trakets
batzu-batzutan nahigabe ere
hortxe irteten da berez
bestetan berriz gogor zapaldu
eta tantorik ere ez. (bis)

E. Pagola
Batzutan doa nahigabe eta
gero ez da ateratzen
bestela ere sagar onik han
majo kostatzen da sartzen
metafora bat aurkitu nahian
zerbait zukutzera goazen!
Herdoildutako tolare baten
zail da ezer ateratzen. (bis)

U. Mendizabal
Herdoildutako tolare zaharra
baino berria nahiago
sagarrak bildu eta garbitu
egin behar da lehenago
gero tolare ondotik dator
muztio eta sagardo
bertsotan ere ezer ez dago
atzen lanik ez badago. (bis)

E. Pagola
Etxean rimak pixka bat landu
ta esaldiak ikutu
lanik ein ez dun bertsolaririk
inoiz ez da ezagutu
tolareakin hortxe gabiltza
estutu eta estutu
baina gutxitan ateratzen da
nahi genukeen aina zuku. (bis)

U. Mendizabal
Zuku hortatik egin liteke
gozotik hamaika trago
baina guk aldiz kupel barruan
egondakoa nahiago
bertsotan berriz ezberdintasun
txiki bat bada harago:
bertso kontuan egin berria
baino hoberik ez dago. (bis)

E. Pagola
Bertsotan behintzat hala gabiltza
hiru eskas, hamaika on
regulartasun pixka batekin
kosta azaltzea inon
azaltzen degu tolareotan
atzetikan ze lan dagon
dastatzailean lana izaten da
ze txapel ipintzen zaion. (bis)

U. Mendizabal
Kalitatea izenda leike
puntan ipintzen dan prendan
gu aurreko lan danak eginda
etorri gera zerrendan
Aitor’e lanen aritu zaigu
nola hoi hala izaten dan
beraz Aitorrek estutu zala
ta ia zer irteten dan. (bis)
2020-07-15 Aduna Lagun-artekoa / Unai Mendizabal, Eli Pagola / Entzun

Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa