Sagardoaren lurraldea

2020 uztako sagardo sagarraren heldutasunaren egoera

Deskribapena

Aurreko urteetan bezala, Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen 2020 uztako XX. sagardo sagarraren heldutasunaren txostena aurkezten dugu. Txostenaren puntu nagusiak hauek dira: · Sagarrondo beraren barruan ezberdintasun handiak ikusten dira heldutasun mailari dagokienez. · Aurreko urtearekin alderatuta, ekoizpena nabarmen txikiagoa da. · Leku askotan sagarren kalibrea txikiagoa da, uda bero eta lehorraren ondorioz.

almidoia brix egoera heldutasuna indize refraktometrikoa sagarra

Fitxa

  • Data: 2020-09-11
  • Sailkapena: 1.3. Sagarra
  • Dokumentu mota: Gaur egungo dokumentuak
  • Fondoa: Sagardoetxea fondoa
  • »
  • Kodea: DO-002900

Testu osoa

Iraila hasieran eta azken urteetan bezala, Gipuzkoako sagasti ezberdinetan kontrol bat egin da, sagarren egoera zein den jakin ahal izateko.

Honetarako, Gipuzkoako zenbait sagasti jarraitu ditugu eta 14 barietate kontrolatu dira: Aritza, Errezila, Gezamina, Goikoetxe, Manttoni, Moko, Mozolua, Patzolua, Txalaka, Udare Marroi, Urdin, Urtebi Haundi, Urtebi Txiki eta Verde Agria.

Sagar ekoizpen handiko urte batetik gentozen eta horrek alternantzia garrantzitsu bat sortu du sail askotan. Ondorioz, ekoizpena aurreko urtean baino nabarmen txikiagoa da.

Negu epela izan da, hotz ordu gutxiekin. Hala, sagasti askok loraldi onak izan badituzte ere, hauek oso luzeak izan dira eta zonaldeen arabera kuajatu maila oso ezberdinak izan dituzte. Ondorioz, sagarrondo beraren barruan ezberdintasun handiak daude heldutasun mailari dagokienez.

Uda bero eta lehor honetako eguraldia nabarmendu behar da. Honen ondorioz, leku askotan sagarren kalibrea txikiagoa da eta sagarrondo askok estres hidriko handia jasan dute.

Sagar arraren presentzia altua izan da, eta kalte handiak eragin ditu.